XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bazuten bilgune premia hemengo euskaldunek.

Komunitate bezala irauteko eta euskal kulturaren atxikitzeko ezinbestekoa izan ohi da elkarte bat eratu eta guztion etxe bat izatea.

Hemengo euskaldunek izan dute, dena den, Mendebaldekoek baino harreman zuzen gehiagorik Euskal Herriarekin.

Pilotariak izanik, denboraldia amaitzerakoan batzuek atzera egin ohi zuten Europara eta izan da beraz jende mugimendu handiagoa hemendik Euskal Herrira eta alderantziz.

Baina guztiek ez dute izan bidaiatzeko aukera berbera, familia eta bizimodua hemen izateagatik hasteko.

Pilotari izandako askorengan nabaria da, izan ere, herrimina.

Beste batzuek, hainbat urte hemen egin eta gero, euskaldunak direla esaten dute, baina amerikar euskaldunak, eta atxiki nahi dute eurentzat eta euren ondorengoentzat herentzia euskaldunarekiko partaidetza.

Hori bideratzeko, indarrak elkartuz, sortu zen Euskal Etxe hau.

Patxi bermeotarra orain hogei urte etorri zen hona.

Berari ere bere hemengo hastapenei buruz luzatu diogu itauna.

Euskaldun asko zegoen hemen gu etorritakoan eta oso gustora ibiltzen ginen euskaldunen artean, pilotari gehienak euskaldunak izaten baitziren, esaten digu.

Ni neroni ere ondo ibili nintzen lehenengo urteetan, baina familia han Euskadin uzten duzula-eta ez da berdin, urte osoan haiengandik urrun egotea...

Ondo, beraz, baina pena handiaz egon nintzen lehen urtean, hona lehenengoz ailegatu nintzenean.

Gero, aurrerago, beste pilotarien bizimoduaz ohitu, haiekin ibili eta apurtxo bat hobeto asimilatzen da.

Atera da orain arteko elkarrizketetan pilotari grebaren aipamenik.

Esan dezagun, beraz, pilotariek bi greba nagusi egin dituztela azken hogeita bost urteetan.

Lehena 1968an eta bigarrena, berriz, hura eta hogei urte geroago, 1988an, azken hau IJAPAk (International Jai Alai Players Association, Nazioarteko Jai Alai Jokalarien Elkarteak) deitua.